Aurten, Euskal Herri osoan da Amaren Eguna maiatzean. Zoriontzeko eguna ote den, ordea, duda dute askok. Ez ote den gehiago komeni data hausnartzeko baliatzea: hausnartzeko amatasuna nolakoa, amatasuna noiz, amatasuna nork, amatasuna norekin. Are gehiago: «Amatasuna bai?». Emagineko kide Ainara Lasari esker aletu ditugu ama direnenak eta ez direnenak. Hitz egin digu amatasunarekin loturiko iruditerian arrakalatu beharrekoez eta bestez. Bestalde, tamalez eta amorruz, Euskal Herrian izandako beste hilketa matxista bat ere izan dugu hizpide.
Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa ireki dute Iruñean: eguneko 24 orduetan izateko zabalik, urteko egun guztietan. Bertan izan da BerriaFM, eta hura ekarri dute, hala, uhinetara. Hitzorduak balio izan du, gainera, hausnartzeko sexu erasoen ikusgaitasunik ezaz, halako biolentziak salatzeko premiaz eta salaketak ez jartzeko eskubideaz. Biktimen askotariko beharrez eta gizartearen ardurez.
Internetek dio sei hilabetean 4.380 ordu kabitzen direla, 186 egun. Hori baino gehiago joan da, beraz, Israelgo Armadak urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. 33.000tik gora dira hildakoak, halako bi baino gehiago zaurituak, eta armadak dio «asko» falta dela gerra amaitzeko. Hari erreparatu dio Berria FMren azken saioak, Ane Irazabal kazetariaren laguntzarekin. Ari baikara gabarrari begira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei so ere bai, baina Palestinan zer?
Urtebeteko bidea egin du Berria FMren bigarren aldiak; hain justu ere, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan. Bi motibo horien karietara, mikrofonoak jaso, ohiko estudiotik atera, eta Iruñeko Katakrakeko egongelara ekarri dugu podcasta. Eta jendaurrean grabatu. Uzuri Castelo soziologoa eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kidea lagun, feminismoaren azkenaldiko lorpenez, erronkez eta mugarriez mintzatu gara, sakon: zaintzaz, zaintzeko baldintzez, zaintza itunaz, zaintzeko konpromisoaz. Zuzeneko grabaketa horren emaitza da saio hau.
Talaia Feministaren lehenbiziko txostena aletu du Berria FMren saio berriak, eta, hala, 2023ak Euskal Herrian emandakoa aztertu, begirada feminista eta subiranistatik. Horretarako, taldeko kide Idoia Zengotitabengoa izan da gurean, «alarma gorriak eta itsasargiak» zein diren bistaratzeko. Horrez gainera, mintzatu gara lotsaz., trans legeaz, «señorez» eta erasotzaileez.
Maitasunaren gainekoa da Berria FMren saio berria, maiteminari buruzkoa; minak barne. San Valentin egunez, maitasun erromantikoak emakumeon bizitzetan okupatu ohi duen tokiaz, maitasunaren «azpian» gordetzen direnez eta maitasunaren izenean exijitzen diren lanez hausnartu dugu, besteak beste, hainbat lagunen ekarpenei esker; Irene Arrarats, Karmele Jaio, Irantzu Fernandez eta Bea Egizabal tarteko. Maitasuna «arrozteko», akaso. Bizigarriago bihurtu nahian, izatekotan.
Maria Angeles Ziganda, Maritxu Sorabilla, Paquita Bretos, Maritxu Bilbao, Angelita Olano… Mendizaletasunaren historian bidea urratu zuten emakumeetako batzuk dira horiek. Aitzindarien urratsei segituz joan dira gehitzen berriak zerrendan, eta egun kontaezinak dira alpinismoaren gailurrera iritsi direnen izenak. Haietako batzuk gogora ekarri ditugu, Ana Diez de Ureren laguntzarekin, genealogia bat osatzeko helburuz Gailurretan izan gaitun argazki erakusketa antolatu baitu. Trabak traba, han ere izan direla, garela, ezagutarazteko. Haietako batzuk gogora ekarri ditugu, Ana Diez de Ureren laguntzarekin, genealogia bat osatzeko helburuz Gailurretan izan gaitun argazki erakusketa antolatu baitu.
Haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan osasun arloko profesionalek emakumeari nahiz umeari ematen dioten tratu txarrari buruzkoa da Berria FMren saio berria. Hau da: indarkeria obstetrikoari buruzkoa. Izan ere, indarkeria matxistaren adierazpide horrek badu izena, badelako. Hari buruz, 'Sortze berri bat' liburua plazaratu du Estitxu Fernandez psikologo eta idazleak, eta gurekin izan da bera, besteak beste. Saioa Baleztena biktimak eta Bakartxo Ormazabal emaginak ere utzi dituzte lekukotzak.
Eguberriak ate joka dira. Berdin egun horien maitale zaren, eta biziki gorroto dituzun, galdera batzuk proposatu ditu Berria FMk zuretzat. Nor arduratu da otorduak diseinatzeaz, antolatzeaz, prestatzeaz? Nor eseri ohi da mahaiaren ertzean, sukaldea hurbil izateko? Olentzerori eta Maridomingiri nork enkargatzen dizkio opari gehienak? Eta bestelako bi. Izan al duzu elkarrizketa deserosorik familiako kideekin? Libre aukeratzerik bazenu, haiekin pasako zenituzke egunok?
Hau da azaroaren 30eko greba feminista orokorraren ondoko aldiaren lehenbiziko saioa. Hain izan da berezia greba, ezen Berria FMren argitalpen eguna ere aldatu baitugu. Ezin genuen gehiago itxoin grebaren soinu kronika bat plazaratzeko. Egunak emandakoa eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren balorazioa jaso ditugu.